2005. urtean lizentziatu nintzen Euskal Herriko Unibertsitatean.
Gogoan dut, ikasten ari nintzenean, Psikoterapia edo Psikologia Dinamikoa bezalako irakasgairen bat izan nuela, izugarri gustatzen zitzaidana, eta orduantxe jakin nuela psikologia klinikoan aritu nahi nuela. Gizakiaren adimeneko sigi-sagak eta gorabeherak, gizakiak berezko dituen errepikapen inkontzienteak… deskubritu. Pertsonari prozesu konplexu eta berezi batean lagundu ahal izatea da nire helburua, ondoezari buelta eman eta haren bizimoduan askeago sentitu ahal dadin.
Errehabilitazio psikosozialeko zentro batean egin nituen praktikak. Inguruan dugun aniztasun soziala han ezagutu zuen eta hartan murgildu nintzen.
Gizartearekin dudan inplikazioak gizabanakoaz haratagoko interesa eragin dit. Izan ere, ez dago gizarterik gabeko subjekturik. Horregatik, jarraian deskribatuko dudan bezala, lan psikoterapeutikoa eremu sozial eta hezitzailearekin batera egin dut.
Bestalde, oso garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zait pertsona bati bere prozesu introspektiboan laguntzeko, lan pertsonala egin izana. Hau da, norberaren baitan sakondu izana eta sakontasunean murgildu izana, terapeuta izan aurretik pazientea izan behar baita. Hori dela eta, neure buruaren analisia hasi nuen karrera amaitzean, nire entzumena ahalik eta neutralena izan zedin eta pertsonari ahalik eta modurik abstinenteenean lagundu ahal izateko.
Urte hauetan, etengabe ikasi dut pertsona bakoitzarekin egiten dudan topaketa bakoitzean. Etengabeko prestakuntzan jarraitzen dut, mintegi eta ikastaroen bidez, eta gainbegiratze-lana beti ondoan izango dudan ariketa bat da.


